Euskaraldiaren testuinguruan, Bilboko Euskaltegi guztiak batu dira. Agenda bateratu bat sortu dute, Bilbon euskara praktikatzeko aukerak proposatzeko!

Urtetik urtera 8000 euskara ikasle inguru hurbiltzen dira Bilboko euskaltegietara. 8000 euskaldun. Ikasle guzti hauek Euskaraldian izena emateko aukera izango dute.

Jakingo duzuenez euskaraldia, 11 egunetan zehar hizkuntza ohiturak aldatzen laguntzeko ariketa sozial erraldoi bat izango da, eta euskaltegiok, euskaraz irakatsi eta euskal munduari ateak irekitzen dizkiogun eragileak izanik, euskalgintzan dugun protagonismoa baliatu dezakegu ekimen honetan parte hartzen lagundu eta gure babesa adierazteko..

Urte osoan eta urte luzez euskarazko eskaintza zabala antolatzen dugu. Euskara klaseak zein euskaltegietatik kanpoko ekintzak burutzen ditugu eta oraingoan, Euskal Herri osoan egingo dugun dinamika honetan ere parte hartu nahi dugu.  

Gaurko agerraldi honetan kartel hau aurkeztu nahi dugu. Agenda hau, bilbotar guztiontzat sortutako egutegi xume bat  baino besterik ez da. Bilbon euskaraz bizitzeko hautua egin dutenentzat sortua eta euskaltegietatik sortutako euskarazko eskeintzaren erakuslea.

Agenda honetan, urritik abendura bitarte antolaturiko zenbait ekimenen berri emango dugu, baina agertzen direnetaz gain ere, baditugu hilabetero burutzen ditugun hainbat ekintza, euskara kalera atera eta era naturalean Bilboko kaleetan zabaldu asmoz.

Egin dugun kartela, berritzailea ere bada, Bilboko euskaltegi guztiak Euskaraldiaren bultzadarekin batu eta agenda amankomuna atera baitugu. Kartelean egutegiaz gain, euskaltegietako kontaktua azalduko da, gurekin harremanetan jarri ahal izateko.

Bukatzeko, aurtengo azaroaren 23tik abenduaren 3ra, euskaraldian parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu eta euskara 365 egunez kalera ateratzeko deia egin nahi dugu.